"Esan dezadan aurretik, zalantzaz beterik bada ere, niretzat ezinezkoak direla Iruña-Veleiako ostraketan ageri diren testuak eta bestelakoak. Lakarra eta Gorrotxategi profesoreei sinesten diedala horretan, (sinestu behar diedala), eurak baitira linguistikan ditugun autoritate gorenak horretarako. Luze jardun nintzen horretaz hemen bertan eta baita ere Euskal Telebistaren baitan antolatu genuen mahai inguru eta dokumental hartan.
Baina, zer nahi duzu esatea, irakurle, niri zalantzak Ertzaintzak sortzen dizkit, inork baino gehiago. Hainbeste urtetan zehar ostraken kontuan Ertzaintzak epailearentzat eginiko polizia azterketaren ondorioak filtratu dira komunibideetara (El Correok horretaz badaki zerbait), eta ez dakit oso xuxen farre edo nigar egin CONCLUSIONES FINALES IRUÑA VELEIA dokumentua irakurri eta gero. Hainbeste denboraren ostean, (eta 700 orri baino gehiagoko txostenaz), ondorio horiek ez dira oso argigarriak inorentzat.
Gauza asko dago, periziala behar lukeen testu batean ez egoteko modukoa. Juan Martin Elexpuruk bere blogean argitaratu bezala, “Zein izan da faltsifikazioen mobila? Oso garbi dago: “La policia autonómica admite que existe una “aparente falta de motivación”, descartada una posible conspiración, “lo más verosimil” es que los autores buscaran dinero y fama”.
Arraioa, ertzainek badakite ala ez dakite zergatik egin zuten hori erruduntzat jotzen dituzten Eliseo Gilek eta konpainiak? Erredundantzia barkatu: jakin dakiten nahi dut jakin, eta ez, zer pentsatzen duten.
Egiazkotasunari buruz diotenak ere ez dirudi oso serioa denik. Hitzez hitz dakart hona: “El informe aprecia numerosos indicios de criminalidad que permite decantarse por la hipótesis de la presunta FALSEDAD de la mayor parte de los 400-450 grafitos excepcionales de Iruña-Veleia”.
Galdera batzuk datozkit gogora:
- “Permite decantarse por la hipótesis de la presunta FALSEDAD” horrek, Ertzaintzarentzat ostrakak benetan faltsuak direla esan nahi du ala ez?
- “La mayor parte” horretako piezak zeintzuk diren zehaztuta edukiko dituzte, ez da?
Txostenaren zati berean, badator beste hau ere: “Es muy probable que entre dichas piezas existan algunas que sean conpletamente auténticas o incluso que sean auténticas retocadas, pero en todo caso se trataría de grafitos habituales de la época romana, nunca de “grafitos excepcionales“.
- Bereiztua edukiko dituzte “completamente auténticas” horiek eta “auténticas retocadas” deitu dituzten horiek, ez? Ezagutuko dituzte batzuk eta besteak zeintzuk diren, ez da? Ez da?
Eta azkenean, nola ez, bada, CONSIDERACIÓN FINAL delakoa dator, eta bertan: “El Equipo Instructor desea transmitir a V. I. la total convicción policial de que lo ocurrido en Iruña-Veleia constituye el caso más grave de falsificación arqueológica de los últimos años a nivel mundial“. Arraioa, munduko arkeologia ederki ezagutzen dute, beraz.
Hori bai, “El Equipo también es plenamente consciente de las grandes dificultades existentes a la hora de acreditar las responsabilidades individuales de lo sucedido“.
Orduan zertan gara?
- Ostrakak faltsuak dira ala ez? Batzuk bai eta besteak ez? (Zeintzuk bai? Zeintzuk ez?)
- Nork faltsutu zituen? Non? Nola? Zergatik? Zertarako?
Gaur eguerdian emango du Eliseo Gil arkeologoak prentsaurrea, baina txosten hau ikusita ez dirudi oso kezkatuta egoteko arrazoirik duenik.
Eta epaile Vuestra Ilustrísima? Jartzen naiz haren azalean eta dardara sartzen zait. Badakit profanoa naizela eta zangoa sartzeko aukera handiak ditudala, baina gauzak argitu eta Justiziari laguntzeko behar lukeen testuak, gehiago dirudi hizlandiatik ekarritako desideratum gutun bat, beste ezer baino.
Dena esaten hasita, niri zalantza handiagoa sortzen dit Ertzaintzak, argazkiko ostrakak darakusan Nefertitiren inskripzio ospetsu eta ezinezkoak baino.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina