18/5/20

Iruña-Veleiako zentzua. GONTZAL FONTANEDA. Maiatza 20. Hitz azpimarratuak neureak dira.

Bederatzi urteko itxaronaldiaren ondoan Iruña-Veleiaren auziak epaiketa izango omen du. Ez da zentzuzkoa. Auzitegiak ea Eliseo Gilek grafitoak faltsutu zuenetz ebatzi nahi badu, lehendabizi jakin behar du grafitoak faltsuak diren ala ez. Horretarako grafito horiek aztertu behar dira noiz grabatu ziren erabakitzeko. Inork ere ez du horrelako azterketarik egin.
Arkeologoak aurkikuntzak agertzen diren geruzan oinarritzen dira. Baina eztabaidaren hasieratik Eliseo Gilek bakarrik, salatuak hain zuzen ere, eskatu du aztertzea. Beste inork ere ez, Botereko inork ez, ez Euskal Herriko Unibertsitateak ez Arabako Foru Aldundiak ez Gasteizko Epaitegiak ez dute grafitoak aztertzea nahi izan. Ez da senekoa.
    2008an Aldundiak, txostenak jaso baino lehenago ere, faltsutzat jo zituen grafitoak, Eliseo Gilen talde arkeologikoa bota zuen, Epaitegian salatu zuen eta aztarnategiko kontratua Unibertsitateari eman zion. Eta halako bidegabekeriak zergatik eta Unibertsitateko bost kidek (Ciprés, Galán, Gorrochategui, Lakarra eta Nuñez; ez da egia guztien adostasuna izan zenik), ez frogetan, teorietan oinarrituta, baieztatzen zutelako. 
 Teoriak bakarrik dituzte, adibidez, III mendeko euskara nolakoa zen ‘dakiten’ bi hizkuntzalarirenak. Garai hartako grabaketarik ote daukate?
    Iritziak dituzte, adibidez, Espainiako Kultur Ondarearen Erakundearenak. Epaitegiak “idazkunen antzinatasuna” aztertzeko eskatu zion arren, azalean gaur egungo metal batzuen aztarnak zeudela bakarrik ondorioztatu zuen, hau da, piezak eskuetan izan dituzten guztiek utzitako hondarrak.
    Espekulazioak dituzte, adibidez, polizi-txostenekoak, non baitio “azken urteotan mundu mailako faltsuketa arkeologikoaren gertaerarik larriena” dela. Baina grafitoen antzinatasuna aztertzeko Epaitegiaren agindua jaso zuenean, piezak itzuli egin zituen beraren laborategiak horretarako gauza ez zirelako.
    Aditu askok, ordea, benetakoak izan daitezkeela baieztatzen dute (besteak beste, Albisu, Arnaiz, Baxarias, Elexpuru, Fernandez, Filloy, Frank, Fritz, Gil, Harris, Iglesias, Illarregi, Orpustan, Rodriguez Colmenero, Satue, Sauren, Silgo, Thomson, Txillardegi, Van der Driessche, Zabaleta). Teoriak ere besterik ez dira, inork ere ez ditu grafitoak aztertu eta.
    Lotsagarria da bederatzi urte baino gehiagotan ezer ez egitea.
   Fiskaltzak epaia nahi izatea ulergarria da, beraren lana da eta. Baina grafitoak noiz egin ziren jakiteko azterketarik egin gabe, faltsutasunean Aldundia bera setatzea da ulertezina. Idazkun horiek euskarazko eta historiazko altxorra izan daitezke. Arabarentzat altxorra izango lirateke.
    Hasteko, aztertu behar da, ezta?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina