ARGIA @argia
2018ko maiatzaren 17a.
Burdina metal bihurtzeko tailerrak ziren haizeolak. K.a V. mendetik XV. mendera arte erabili izan ziren Euskal Herrian –baita zeharroletan ura erabiltzen hasi eta gero ere–; gurean 2.000 urteko ibilbidea egin zuen produkzio siderurgikorako sistema horrek beraz, historiaurreko labe garai modukoak ziren.
Euskal Herriko Metazaritzaren Museoko Arkeologia Taldeak duela 15 urte azterketa hasi zuen haizeolen inguruan, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, ikusirik horietako asko lurpean egonik arriskuan zeudela. Ondare arkeologiko hori babesteko, lehenik zenbaketa egitea beharrezkotzat jo zuten, eta orain arte ezagutzen ziren EAEko haizeolen kopurua boskoiztu egin dute: 170 aztarnategi katalogatu dituzte Bizkaian, 150 Gipuzkoan eta 25 Araban.
Historia aldaraziko duen labe-mota
Arkeologia taldearen buru eta EHUko ikerlari den Javier Francok azaldu duenez, Europan “parekorik ez duen labe-mota” ere aurkitu dute azterketan: aho zabaleko ontzien itxurakoak ziren eta erromatarrek ekarritako forma berriagoari iraun zieten Erdi Arora arte. Berezitasun horrek, Europan labeek izandako bilakaerari buruzko teoria aldatzen duela dio Francok.
Bestalde, ikerketak frogatu du Bizkaia eta Gipuzkoa zirela “lehen mailako” siderurgia produktoreak, eta Araban aldiz, material hori inportatu egiten zela, zeramika esportatzen zen gisan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina